Ilargiaren faseak

Hezkuntza aplikazioa

Eguzkiaren argiari esker ditugu Lurrean eguna eta gaua, eta baita ilargiaren faseak ere berak eragindakoak dira.

Ilargiak bere buruaren inguruan bira oso bat emateko behar duen denbora bera behar du Lurraren inguruan bira emateko, 29 egun. Horregatik, Ilargiaren hilabeteak eta egunak iraupen bera dute. Lurretik Ilargiaren aurpegi bera ikusten dugu beti, errotaziorako eta Lurraren inguruko orbita egiteko behar duen denbora berberak direlako. Aplikazioan argi ikus daiteke, Ilargiaren alde ezkutua, kolore gorrixkarekin markatua dagoena, ez dela Lurretik sekula ikusten.

Eguzkiak Ilargi erdia argiztatzen du beti, eta, egunak aurrera joan ahala, argiztatutako alderdiak aldatuz doaz, baina, Lurretik ezin ditugu haiek denak ikusi. Horregatik ikusten dugu guk zati handiago edo txikiago bat argiztatuta, eta horiek dira, haiz zuzen, Ilargiaren faseak.

Lurretik Ilargia ikusgai izango dugun ordua aldatu egingo da Ilargiaren fasearen arabera. Ilgoran gaudenean, eguerdian agertuko da Ilargia, arratsaldean punturik altuenean eta gauerdian ezkutatuko da. Ilargi betea denean, arratsaldetik gauerdiraino ikus daiteke, gau osoan zehar alegia. Ilbeheran denean, aldiz, gauerdian agertuko da, eguna argitzean egongo da punturik altuenean, eta eguerdian ezkutatuko da. Ilberria denean, Eguzkiarekin batera agertuko eta desagertuko da, baina ezin dugu ikusi, alde iluna izango baitu argiturik, Lurretik ezin ikus dezakegun alderdia, hain zuzen.

Ia ilberri denean, Ilargiaren zati ikuskorra oso txikia izaten da, eta Eguzkiarekin bateratsu ateratzen eta sartzen da. Baina, tarte labur batez soilik ikusi ahal izango dugu, ilbeheran eguna argitu aurretik, eta ilgoran iluntzean. Izan ere, Eguzkiaren norabide berean aurkitzen da, eta honen argiak oztopatu egiten digu Ilargia ikustea.

Eguzkia eta Ilargia ekialdetik irten eta mendebaldetik sartzen dira. Ekainean iparralderago eta abenduan hegoalderago. Ekuatoretik urrundu ahala, nabarmenagoa da urtaroaren arabera Ilargiak iparralderantz edo hegoalderantz duen desplazamendua.

Ipar hemisferioan egonik, Eguzkiak eta Ilargiak zeruan egiten duten bidea ikusteko hegoalderantz begiratu beharko dugu, horrela, ekialdea ezkerraldean geratuko zaigu (irteera) eta, aldiz, mendebaldea eskuinaldean. Horregatik, ohituta gaude ibilbidea ezkerretik eskuinera ikusten.

Hego hemisferioan egonik, aldiz, iparralderantz begiratu beharko dugu, eta ekialdea eskuinean geratuko zaigu, eta mendebaldean ezkerraldean. Eta, Eguzkia eta Ilargia eskuinaldetik ezkerraldera mugitzen direla irudituko zaigu.

Lurreko zein puntutan aurkitzen garen, Ilargiaren prespektiba eta faseen itxura aldatu egingo dira. Hemisferioaren arabera, ekialdea eta mendebaldea kontrako aldean daude eta Ilargiaren faseen itxuran ere eragingo du horrek. Ipar hemisferioan Ilgorak D itxura du, eta, aldiz, hego hemisferioan C itxura. Ipar hemisferioan, Ilbeherak, C itxura du eta, hego hemisferioan D itxura.

Eta, zer gertatzen da ekuatorean? Ezein norabidetan ikus daitezke Ilargia eta Eguzkia, eta punturik altuenean daudenean lerro bertikal berean egongo dira, ez iparralderantz ez hegoalderantz. Aplikazioan ipar hemisferioko ikuspegia aukeratu dut, ohikoagoa zaigulako, baina berdin-berdin aukera nezakeen hegoaldekoa. Ekuatoretik hurbil gaudenean, iparraldera edo hegoaldera begiratu, Ilgorak n itxura izango du irtetean, eta U itxura ezkutatzean. Aldiz, Ilbeheran, U itxura izango du ateratzean eta n itxura ezkutatzean.

Azaldutako kontzeptuak ulertzeko lagungarria izan daiteke aplikazioa, baina kontuan hartu, distantziak eta proportzioak ez direla errealak, espazio arazoengatik. Ilargiaren eta Eguzkiaren irtetze eta ezkutatze orduak ere gutxi gorabeherakoak dira, urtaroaren eta kokapenaren arabera aldatzen baitira. Hori dena hala izanik ere, aplikazioa lagungarria da Ilargiaren faseak zein ordutan ikusiko diren jakiteko, bakoitzak izango duen itxura zein izango den antzemateko, eta horrela izatearen arrazoiak ulertzeko.